XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zestakada bat ollo baño geiago ere jan zan.

Makiña bat eztaietan izan nintzan ni gero; bañan toki batean bakarrik egaztikiko eztaiak ezagutu nituan.

Olloa lujoa zan orduan da egaztirik gabeko eztaiak izaten ziran.

Orduan zer zan ere etzekiten da etziran entremesak edo itxura gaiztoko jaki oiek izaten.

Ia dana okela izaten zan.

Guk izan genduan zopa; garbantzua eta azak ere bai odolki pilla ederrarekin; gero aragia tomatearekin eta aragia piperrakin besteetan aragi egosia, prejitua edo gixatua izaten zan, dana aragikia; gero egaztia, ta egaztiaren gañean arrozkoletxe ta gazta zarra.

Ta amairu arroa ardo edan ziran gurean.

Tolosatik ekarritako zaragi galanta ura ta beste geiago ere bai noski.

Sagardoa, berriz, auskalo zenbat.

Guk zazpi peztan erosi genduan gurdi sagarra; bañan ona aukerakoa zalako.

Urte abundosoan ezkondu nintzan ni.

Ardoa, ez orain bezela litroka; pitxarreko botillak jartzen ziran maietan.

Ta amar lagun baziran ere baso bat; baso bat eta platera bat, eta danak batetik aritzen ziran.

Baita eztaietan ere.

Emen zazpi lagun baziran, zazpi lagunentzat zera bat jarri; ta, an beste zazpi baziran aientzat beste zera bat jarri, ta orrela.

Bazkal ondoan, mandiora joan da auzoko etxekoandre batek arrioa zabaltzen zuan.

Gurea Ondartza-barrenakoak, idiak ziran etxeko andreak, zabaldu zuan.

Zabaltzen asitakoan, arrioaren gañean bandeja bat jartzen zan, da aitak dotea artan uzten zuan.

Gero, etxekoandre arek, arropak-eta erakusten zijoan bezela arrioaren alabantzak egiten zituan:

- Ara emen gauza ederrak, eta bera ederragoa!

Andregaiarengatik alegia.

Usarioa alaxe zan.

Gero, arratsalde guztian, pilarmonika soñua, dantza, bertso, naiko edari...

Izaten zan an zernai festa.

Apalondoan lotara.

Ainbeste jenderentzat oirik ez, ta sapaian-eta, mandioan-eta etzaten ziran, belarraren gañean.

Ondo gobernatu ezkero, nunai ondo lo egin.

Nere arrioa mandioan zegoan, da ala esan zidaten goizean:

- Mikela, zure arrioa guk estrañatu degu.

An egon gera danok, aren gañean lotan.

Gu larunbatarekin ezkondu giñan, da biaramonean eliz-sartzea egin genduan.

Ori izaten zan, ezkonberriak meza nagusira joan da beren sepulturan lengo illentzak argiak piztu ta oprenda egitea.

Oprenda ondoren, etxeko ildakoen izenean, apaizak pater nosterrak errezatzen zituen sepulturaren aurrean, ur bedeinkatua boteaz.

Gero, bazkaria ta festa berriro, bezperan bezela.

Nere nobioa etxe oneko mutil eder galanta zan; kontrariorik gabe zegoan pultsolaria.

Orregatik, alkarrekin tratatzen asi giñanean, ala esaten zioten gure aitari:

- Ire alaba ez dek ara sartuko, ez.

Eztaietan, berriz, ala esan zioten:

- Orain kontentu egongo aiz, alaba emen sartuta.

Ni josten ondo ikasia nintzan, bañan baserriko lanetan gutxi nekian.